Enterotoxina

Enterotoxinak hainbat bakteriok ekoizten dituzten toxinak dira, ostalariaren digestio-aparatua kaltetzen dutenak. Gehienak exotoxinak dira. Egitura kimikoari dagokionez proteinak dira.

Enterotoxinek heste-mukosaren iragazkortasunari eragiten diote, eta bertako elektrolitoen eta uraren oreka aldatu egiten dute. Ondorioz, hesteko lumenetik uraren galera eragiten dute, ohiko beherako bortitzak agertuz [1].

Gehienek egitura proteikoa dutenez, termolabilak izan ohi dira: 70º C-tan desnaturalizazioa pairatzen dute. Enterotoxinak ekoizten dituzten bakterioak plasmidoak izan ohi dituzte, plasmido horiek izanik enterotoxinak sortzeko material genetikoa dutenak. [2]

Janari-intoxikazioek sortzen duten sintomatologia gastro-intestinala enterotoxinei dagokie.

Garrantzi klinikoa duten hainbat enterotoxina

  • Vibrio cholerae-rena: koleraren enterotoxina da. Toxina indartsu honek hesteetako elektrolitoen xurgapena aldatu egiten du, eta kloro, potasio eta sodio ioioak ez dira heste meharrean birxurgatuak izaten. Honek heste barruko presio osmotikoa igo eta uraren irteera hesteetako lumenera eragiten du, beherakoak eta deshidratazio bortitza eraginez. Efektu honek AMP ziklikoaren bitartez sortzen du.
  • Staphylococcus aureus-ena: toxina honek estafilokokoek sortutako janari-intoxikazioen sintomatologia digestiboa sortzen du. Staphylococcus aureus-ek ez du toxina bakarra ekoizten, 20 enterotoxina inguru ezberdinak baizik. Beherakoak, sabeleko mina eta gorakoak eragiten ditu. Vibrio cholerae-ren enterotoxinaren aldean, Staphylococcus aureus-ena ez da hain bortitza, eta sintomatologia gastro-intestinala ez da hain larria.
  • Bacillus cereus-ena: enterotoxina hau bakterio horrek sortzen dituen janari-intoxikazioen atzean dago.
  • Escherichia coli-rena: bidaiariaren beherakoak sortzen dituen enterotoxina hau termo-erresistentea da.
  • Clostridium perfringens-ena
  • Shigella dysenteriae-rena: disenteriaren sintomatologiaren eragilea. Hau ere termo-erresistentea da.

Erreferentziak

  1. Enterotoxina Diccionario médico, Clínica Universitaria de Navarra
  2. Carlton Gyles, Magdalene So, Stanley Falkow, Journal of Infectious Diseases (1974) 130 (1): 40-49

Kanpo estekak

Autoritate kontrola
  • Wikimedia proiektuak
  • Wd Datuak: Q421978
  • Hiztegiak eta entziklopediak
  • Britannica: url
  • Medikuntzako identifikadoreak
  • MedlinePlus: 002352
  • MeSH: D004768
  • Wd Datuak: Q421978